link rel="alternate" hreflang="x-default" href="

ARAUAK ETA FUNTZIONAMENDUA

Helbide, telefono zenbaki edota kontu korronteen aldaketak 

Aldaketak egongo balira idazkaritza@talaiaeskola.com edo administrazioa@talaiaeskola.com helbidera idatzi edota 943 89 91 56 telefonora deitu. Datuak eguneratuak izatea beharrezkoa da funtzionamendu onerako. 

Txirrindak eta patineteak 

Gogoratzen dizuegu, eskola eremuan, behin hesia pasa ondoren, ezin dela txirrinda gainean ibili. Patineteekin datozenak espaloitik etorri eta atea gurutzatu bezain laster patinetea bildu eta eskutan eraman beharko dute. Patineteak eta txirrindak horretarako egokitutako lekuetan utzi beharko dituzte. 

Gogorarazi zuen seme-alabei trafiko arauak errespetatu eta ziurtasun neurriak hartu behar dituztela. 

Autoak 

Haurra ekarri edo eramatera autoz hurbiltzen zareten gurasoei eskatzen dizuegu:  

  • Trafiko arauak behar bezala betetzea.
  • Arauak betetzen ez baditugu haurrak arriskuan jartzen ditugu. 
  • Haurrak espaloi aldetik jaitsi behar direla gogoratu.  
  • Biterin eta Satarkan leku egokietan aparkatzea, inoiz ez elbarrituentzako aparkalekuetan edo autobusentzako eremuan. 
  • Bordariko aparkalekuan ezin izango da sartu. 

Gaixotasunen aurrean 

Haurra gaixorik badago, etxean gelditu behar du ondo sendatu arte. Gaixotasun luzea edo kutsakorra denean, tutoreari abisatu. Ikasleak botikarik hartu behar izango balu, ezinbestekoa da sendagilearen agiria, eskolako langileok ezin dugu inolako botikarik eman sendagilearen agiririk gabe. Halere, irakaslea ez dago sendagaia ematera behartua. 

Alergiak: aldaketak gertatzen badira, hau da, alergia gainditzea, intolerantzia berri bat edo alergia berri bat agertzea… ikastetxean horren berri eman. 

Zorriak 

Zorriak oso kutsakorrak direnez, ikasleen burua maiz begiratzea eskatzen dugu, eta Ikasleak zorririk edo bartzarik izango balu, burua behar bezala garbitzea. Zorriekin bukatzeko zuen partaidetza ezinbestekoa da. Eskolatik zorrien inguruko abisua jasoko balitz, oharrean jartzen duena bete. Zorriak maiz dituen ikaslearen kasuan, eskolak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu. 

Ikastetxetik atera ahal izateko baimenak 

Ikasleak ikastetxetik atera beharko balu (medikura joan beharra, dokumentazio ofiziala egin beharra…) gurasoek tutoreei jakinaraziko diote. Ikaslea jantokikoa bada, prozedura berarekin, arduradunari ere jakinaraziko zaio. Oharra iristen ez bada, ikaslea ezingo da eskolatik atera. 

Irteera eskola ordutan denean, ikaslearen bila arduradun heldu batek etorri beharko du. 

Ikasleak etxera bakarrik joateko baimena  

Lehen Hezkuntzako ikasleek (1. maila – 6. maila) eskolatik nahiz autobus geltokitik etxera bakarrik joateko aukera izango dute gurasoen idatzizko baimena badute. 

Banaketak eta dibortzioak 

Familian aldaketaren bat baldin badago, idazkaritzara jotzea eskatzen dizuegu, ikastetxea jakinaren gainean egon dadin. Kasu horietan jarraitzen den protokoloaren berri emango dizuegu. 

Telefono mugikorrak eta “smart watch” erlojuak 

Ikasleek ezin dute telefono mugikorrik edo smart erlojurik eskolara ekarri. Guztiz debekatuta daude. Ikasleren batek mugikorra edo erlojua ekartzea ezinbestekoa izango balu, gurasoaren ohar idatziarekin batera tutoreari emango dio eskolara etorritakoan, eta irteeran ikasleari itzuliko dio tutoreak. 

Galdutako arropa 

Jantziak ikaslearen izenaz markatzea eskatzen dizuegu, arropa gal ez dadin. Dena dela, galtzen dena jasotzen joango gara eta hiruhilekoaren amaiera arte gordeko dugu. Epe hori amaitu eta jabea agertzen ez bada, jantzi horiek GKE bati emango dizkiogu. 

Hamaiketakoa 

Erabat debekatua dago eskolara litxarkeriak ekartzea. Eskolak janari osasungarria bultzatzen du eta ikasleei fruta, zerealak… ekartzea eskatzen diegu. Era berean, hondakinak murrizteko, hamaiketakoa ekartzeko berrerabiltzeko bilgarriak ekartzea eskatzen dugu. 

Urtebetetzeak 

Litxarkeriak eskolara ekartzea debekatua dagoenez, urtebetetzeak ospatzeko, ahalik eta janari osasuntsuena ekartzea gomendatzen da. Hainbat gelatan zenbait elikagairi intolerantzia edo alergia dieten ikasleak egon daitezke. Kasu horietan nola jokatu, tutoreak esango dizue. 

Urtebetetze ospakizunetara gelako ikasle guztiak gonbidatuak izaten ez direnez, ikasle batzuk baztertuak ez sentitzeko, gonbidapena eskolan egitea erabat debekatua dago. 

Txakurrak 

Garbitasuna eta ziurtasuna dela eta, eskola eremuan txakurrak sartzea erabat debekatuta dago. 

Review Your Cart
0
Add Coupon Code
Subtotal